Foru Aldundiak 800.000 euro bideratuko ditu teknologia berrietako enpresa gipuzkoarrak laguntzeko programetara

2015/02/26

Gipuzkoako Foru Aldundiak bi programa onartu ditu, informazioaren eta komunikazioaren teknologietan (IKT) jarduten diren enpresa gipuzkoarren jarduera sustatzeko, guztira 800.000 eurorekin. Lehenengo programa, "Gipuzkoa IKT: Berrikuntza Digitala", 550.000 euroz hornituta dago, eta bere helburua da sektorean berrikuntza prozesuak bultzatzea. Bestalde, kode irekiko programen aldeko apustua egiten du, eta enpresa gazte eta sortu berriak sustatzen ditu.

2014an, programa honi esker produktu berriak garatzeko 21 proiektu finantzatu ziren. Babestutako hiru proiektutatik bi mikroenpresenak ziren. Gainerakoak –enpresa ertain batek aurkeztutako proiektu bat izan ezik- enpresa txikiek garatu zituzten.

Bigarren programa, Smart Gipuzkoa izenekoa, 250.000 euroz hornituta dago. Programa honekin bilatzen dena da enpresa gipuzkoarrei laguntzea, "smart" aplikazioak abian jarri ditzaten, teknologia berrien bidez herritarren bizi-kalitatea hobetzeko helburuarekin. Zabaltzen ari den sektore bat da, oso intentsiboa teknologiari dagokionez, eta langile oso kualifikatuak behar ditu. Iaz, programa honi esker, 9 proiektu lagundu ziren. Proiektuak esparru oso desberdinetakoak izan ziren, hala nola ingurumena, mugikortasuna, etxea edo gobernamendua.