Foru Aldundia eta CERN munduko ikerketa zentrorik handienetakoa Gipuzkoan teknologia handiko enpresen mintegia sortzea aztertzen ari dira

2015/05/11

CERN Ikerketa Nuklearrerako Europako Kontseilua partikulen fisikaren munduko ikerketa laborategi handiena da, eta bertako arduradunak Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Ineustar zientzia industrien elkarteko arduradunekin elkartu dira gaur, aztertzeko Gipuzkoan teknologia handiko enpresen mintegia jartzeko aukera nazioarteko erakunde ospetsu horren babesean.

Bilera Foru Jauregian izan da eta Berrikuntzako, Landa Garapeneko eta Turismoko diputatu Jon Peli Uriguen izan da buru; diputatuak Giovanni Anelli CERNeko Ezagutzaren Transferentziako Taldeko buruari eta haren ordezkari Pablo García Tellori jakinarazi die Gipuzkoan ahalmen teknologiko handia dagoela eta lurralde egokia dela teknologia handiko enpresa mintegiaren Europa hegoaldeko egoitza kokatzeko.

CERN 1954. urtean sortu zuten Europako 12 herrialdek eta Suitzan du egoitza. Gaur egun nazioarteko zientzia arloko lankidetzaren eredu eta munduko ikerketa zentrorik garrantzitsuenetakoa da. Urteko 660 milioi eurotik gorako aurrekontua du. CERNek partikulen azeleragailu handiena kudeatzen du, eta instalazio horietan zientzia arloko aurkikuntza handiak egin dira, besteak beste, W eta Z bosoiak, Higgs bosoia eta hari anitzeko ganbera proportzionala; izan ere, aurkikuntza horiek egin zituzten ikertzaileek Nobel Saria irabazi zuten lan horiei esker.

Berrikuntzako, Landa Garapeneko eta Turismoko foru diputatu Jon Peli Uriguen eta Ineustar elkarteko zuzendari Javier Cáceres pozik atera dira bileratik CERNekin lankidetzan aritzeak Gipuzkoako ikerketa zentroei eta zientzia industriari zabaltzen dizkion ateak direla eta. Jon Peli Uriguenek azaldu duenez, "lurraldearen ahalmen zientifikoa nabarmen indartuko litzateke CERNen enpresen mintegiaren Europako egoitzetako bat Gipuzkoan kokatuko balitz".

Beste alde batetik, Ineustar elkarteko zuzendari Javier Cáceresek adierazi duenez, "CERNekin ditugun hartu-emanek espero dugun emaitza emango balute, ekimen horrek aukera emango liguke etorkizunean Gipuzkoan egiten diren jarduera teknologikoak are gehiago sendotzeko partikulen fisikaren munduko ikerketa zentro handienaren ospeari eta lankidetzari esker. Proiektuak bultzada handia emango lieke lurraldeko teknologia zentroei, nahiz eta azken xedea industria jarduera eta balio erantsiko lanpostuak sortzea den".