Markel Olano Diputatu Nagusiak "babesa eta elkarlana" eskaini dio Gipuzkoako makina-erremintaren sektoreari EMO Milano 2015 azokan

2015/10/06

Gipuzkoako Diputatu Nagusiak, Markel Olanok, herrialdeko industriak plazaratu dituen aurrerapenak bertatik bertara ikusi nahi izan ditu, horretarako Milaneko azokan jarritako standak bisitatuz. "Makina-erremintaren sektorea, bai Gipuzkoakoa nahiz Euskal Herri osokoa, aitzindaria da. Hori aitortu eta babestu nahi dugu gure presentziarekin. Ez bakarrik irudi bat eta hitz politak eskaintzen, baizik eta sektorearekin elkarlana bultzatzen", azaldu du. Diputatu Nagusiak, baita ere, industriaren aldeko apustuaren garrantzia azpimarratu du. "Gipuzkoa lurralde industriala da eta gure ongizateari eutsi nahi baldin badiogu, gure gizarte politikei, osasun zerbitzuei eta hezkuntzari, ezinbestekoa dugu industria sendo bat edukitzea", adierazi du, eta gaineratu du makina-erremintaren sektoreak erakusten duela "etorkizuneko industria nolakoa izango den".


Diputatu nagusiarekin batera EMO Milano 2015en izan dira Ekonomia Sustapena, Landa Ingurunea eta Lurralde Orekako diputatu Ainhoa Aizpuru, eta Ekonomia Sustapeneko zuzendaria, Antton Tomasena. Elgoibarko alkate Ane Beitiak osatu du Gipuzkoako ordezkaritza. AFM Advanced Manufacturing Technologies elkarteko zuzendari orokorra, Xabier Ortueta, izan dute bidelagun eta elkarteko lehendakariarekin ere, Antxon Lopez Usozekin, batzartu dira. Bisitan zehar hainbat gipuzkoar enpresetako ordezkarirekin egoteko parada izan dute eta sektorearen egoerari buruzko gogoetak partekatu dituzte.
"Gipuzkoar ordezkaritza oso garrantzitsua da azoka honetan. Mundu guztian erreferentzia dira, Gipuzkoa marka ona da makina-erremintaren sektorean. Nazioartekotzean, berrikuntzan eta langilegoaren kualifikazioan enpresek eman beharreko aurrerapausoak lagundu nahi ditu Foru Aldundiak eta, hain zuzen ere, makina-erremintaren sektorearen jardunaren ardatz dira hiru puntu horiek", xehatu du Ainhoa Aizpuruk, Ekonomia Sustapeneko diputatuak.
EMO Milano 2015 munduko industria azokarik handienetakoa da eta aurten ehun herrialdetako 150.000 bisitari erakartzea aurreikusten du. Bi urtean behin antolatzen du Makina-erreminta Industriaren Europako Elkarteak (CECIMO), egoitza Milano eta Hannoverren artean txandakatuz. 120.000 metro karratu inguru ditu, hamabi pabiloietan banatuta, eta 1.600 enpresek erakutsiko dituzte bertan beren produktuak. Erakusleihoetan hainbat arlotako teknologia aurreratuena ikus daiteke: makina-erreminta, robotak, automatizazioak, fabrikazio gehigarria, teknologia osagarriak, eta abar.
Gipuzkoako eta Euskadiko enpresek AFM Advanced Manufacturing Technologies enpresaren eskutik hartzen dute parte EMO Milano 2015 azokan. Makina-erreminta fabrikatzaileen espainiar elkartea da AFM eta Donostian du egoitza. Estatutik Milanera etorritako enpresa guztietatik –54 stand– erdia baino gehiagok (36) Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) dute egoitza, eta horietatik 22 gipuzkoarrak dira. Izan ere, AFMri lotutako enpresek 4.717 metro karratu hartzen dituzte azoka honetan, eta horietatik 3.751 euskal enpresei dagozkie (Estatuko ordezkaritzak duen azaleraren %79). Gipuzkoako makina-erremintaren sektoreak, bestalde, 2.615 metro karratu izango ditu, AFMk kudeatutako espazioaren %55, zehatzago esanda.
Zifra hauek Gipuzkoako makina-erremintaren sektoreak Euskadi eta Estatu mailan duen pisuaren berri ematen digute. 2014an, esate baterako, Gipuzkoako lurralde historikoan kokatutako enpresek Estatuko makina-erremintaren produkzio osoaren %66 ekoiztu zuten; baita izandako esportazio guztien %68 lortu ere. Euskadi bere osotasunean hartuta, euskal enpresek Estatuko produkzioaren %83 hartu zuten beren gain eta esportazioen %82 lortu zuten.
EMO Milano 2015 azokako gai nagusietako bat fabrikazio gehigarria izango da. Teknika berritzaile hau fabrikazio sistemen arloan aldaketa sakona egitera deitua dago. Material mikrometrikoz osatutako kapak elkarren gainean jartzeko prozesuetan oinarritzen da teknologia hau, modu horretan nahi den objektua lortu arte.  Azokan parte hartzen duten zenbait enpresa gipuzkoarrek ere teknika berri honekin zerikusia duten aurrerakuntzak aurkeztu dituzte; izan ere, makina-erremintaren industriari muga eta desafio berriak zabaltzen ari da fabrikazio gehigarria.