Gipuzkoako Foru Aldundiak ekonomiari lehentasun osoa ematen dio Ekonomia Suspertzeko Planaren bitartez

2015/11/17

Markel Olano diputatu nagusiak gidatzen duen ekimenak lau urteko indarraldia izango du eta urtero 50 milioiko aurrekontua izango da

Gipuzkoako Foru Aldundiak gaur aurkeztu du 2016 urterako Ekonomia Suspertzeko Plana. Foru erakundeak, ekimen honen bitartez, lehentasun osoa eman nahi dio ekonomiari. Planak urtero 50 milioiko aurrekontua izango du eta 17 lan lerro jasotzen ditu. Proiektua Gipuzkoako diputatu nagusiak, Markel Olanok, gidatzen du eta lurraldeko ekonomia suspertzea, lehiakortasuna indartzea eta ekonomiaren indarberritzean sakontzea ditu jomuga.

Olano eta Ekonomia Sustapen, Landa Ingurune eta Lurralde Orekako foru diputatua, Ainhoa Aizpuru, Gipuzkoako Batzar Nagusietako Erakundeetarako, Gobernurako eta Araudirako Batzordean izan dira gaur proiektuaren berri ematen. Planak lau urteko indarraldia izango du eta 200 milioi euroko aurrekontua, 50 urteko. Programa honek, berriki aurkeztutako Kudeaketa Plan Estrategikoa eta 2016ko aurrekontuekin batera, Foru Aldundiaren gobernu jarduna gidatuko du hurrengo urtean.

"Ekimen berritzailea da, lan lerro berriak gehitzen ditu eta orain arte indarrean egon diren lehentasunak eraldatu eta ekonomia sustapenera bideratzen", azaldu du diputatu nagusiak. Olanok gogoratu duenez, Gipuzkoak hiru urte daramatza ekonomia suspertzeko planik gabe, baina zuzentzen duen gobernuak "lehentasun berriak" sartu dituela nabarmendu du, plan honetan jasoak. Beraz, "Gipuzkoak ekonomia suspertzeko planak izango ditu 2016, 2017, 2018 eta 2019an".

Proiektuaren oinarria bi zutabek sostengatuko dute: fiskalitatea eta ekonomia sustapeneko gobernantza berria. Lehena, ekonomia sustapenaren alde egiteko erreminta gisa; bigarrena, ekarpenetara irekita dagoen planaren kontrastean lurraldeko eragileak partaide egiteko. Gobernantza berri honek planaren garapenaren jarraipena egiteko departamentuko arteko batzordea sortzea, enpresa kulturaren inguruan sentsibilizatzeko programa, gizarteratze eta kontraste prozesua eta Etorkizuna eraikiz programa abian jartzea aurreikusten ditu. Azken honen helburua Gipuzkoak aurrera begira dituen desafio eta erronkak identifikatu da lurraldearen etorkizun ekonomiko, sozial eta politikoa bermatzea da.

Lau zutabe nagusi

Diputatu nagusiak azaldu duenez, programak lau lan eremu nagusia zehazten ditu: industria alorreko enpresei laguntza, lehen sektoreko enpresei laguntza, turismo eta kultur arloko enpresei laguntza eta gizarte politikako enpresei laguntza. Guztira, 17 lan lerro. Industria arloan, foru erakundeak enpresen espezializazio adimentsuaren alde egingo du apustu, "Eusko Jaurlaritzaren ikuspegiarekin uztartuz".

Lehen sektoreari dagokionez, ustiapenen modernizazio eta profesionalizazioa, alde batetik, eta landa lurraren sustapena, bestetik, izango dira lan ildo nagusiak. Turismo eta kulturaren alorrean, Gipuzkoa marka garatu eta indartzea izango da lehentasuna. Eta azkenik, Foru Aldundiak hirugarren sektoreko enpresekin elkarlan harremana estutzea aurreikusten du lurraldeko gizarte politikei beste ikuspegi bat emateko, "apustu programatikoa" Olanoren hitzetan. 

INDUSTRIA

  1. Enpresen eraldaketa
  2. Jarduera ekonomiko berriak
  3. Garapen adimentsua - Berrikuntza
  4. Nazioartekotzea
  5. Finantza erreminta berriak
  6. Making Gipuzkoa

LEHEN SEKTOREA

  1. Azpiegitura berriak eta zerbitzuak
  2. Herri txikiak eta landa eta baso lurren sustapena
  3. Landa ustiapenak, ganadutegiak eta basogintza

TURISMOA ETA KULTURA

  1. Sektorearen egituraketa
  2. Ondasun eta zerbitzu kulturalak
  3. Inbertsio pribatua kulturan
  4. Kultura berritzaile eta eraldatzailea
  5. Eskaintza turistikoa indartu eta dibertsifikatu
  6. Etorri turistikoaren banaketa
  7. Gazteria eta kultura

GIZARTE POLITIKA

  1. Ekonomia sustapena gizarte politiketan