Gipuzkoako Foru Aldundiak fabrikazio aurreratuaren aldeko apustu irmoa egiten du

2016/02/15

Ekonomia Sustapena, Landa Garapena eta Lurralde Oreka

Markel Olano eta Ainhoa Aizpuru makina-erremintaren sektorearekin egon dira Aldundiaren babesa adierazteko.

Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusia eta Ainhoa Aizpuru Ekonomia Sustapena, Landa Ingurunea eta Lurralde Orekako diputatua, azken departamentu honetako zuzendariekin batera, Elgoibar eta Azkoitian izan dira gaur makina-erremintaren sektoreko zenbait erakunde eta enpresa gertuagotik ezagutzeko. Besteak beste, Makina Erremintaren Institutioan (IMH), Azkoitiko Ibarmia enpresan, Elgoibarko Danobat Group-en eta hainbat zentro teknologikoan ere izan dira.

Makina-erremintaren sektorea, bai Gipuzkoan nahiz Euskadi osoan ere, aitzindari izan da eta izaten jarraitzen du. Gipuzkoako ekonomiaren %24a manufaktura-industriaren sektoreari dagokio. Gipuzkoako makina-erreminta industriaren oinarrizko sektorea izan da beti eta horregatik "babesa eta elkarlana" adierazi die Markel Olano diputatu nagusiak arlo honetako erakundeei. Gipuzkoar sektore hau mundu guztian erreferentea dela gaineratu du Olanok, makina-erremintaren sektorean Gipuzkoa marka ona dela adieraziz. Enpresetara egindako bisitetan, makina-erremintaren sektoreak "etorkizuneko industria nolakoa izango den" erakusten duela ziurtatu die diputatu nagusiak bertaratutakoei.

Era berean, Gipuzkoako Foru Aldundiaren industriaren aldeko apustuaren garrantzia azpimarratu du Markel Olanok: "Gipuzkoa lurralde industriala da eta gure ongizateari eutsi nahi baldin badiogu, gure gizarte politikei, osasun zerbitzuei eta hezkuntzari, ezinbestekoa dugu industria sendo bat edukitzea". Diputatu nagusiak adierazi duenez, industria da Gipuzkoako ekonomiaren motorra eta "horrela izaten jarraitu behar du". Markel Olanok helburu bezala industria 4.0-a jarri eta honen aldeko apustu irmoa egin du. Industriaren aldeko Aldundiaren programak ere aurreratu ditu, eta industria motorra izaten jarraitu dezan fabrikazio aurreratua sustatuko dutela gaineratu du. Ainhoa Aizpuruk, bere aldetik, fabrikazio aurreratuan egin beharreko I+G+b-n inbertsioa izan du hizpide, "Gipuzkoa berritzaile eta adimentsuago bat izan dezagun". Teknologia zentroetan adierazi duenez, Gipuzkoako Foru Aldundiaren garapen ekonomikoaren aldeko konpromisoa argia da, baina bide horretan sektore ezberdinek parte hartu behar dutela gogorarazi die. Aizpuruk ezinbestekoa ikusten du enpresa, hezkuntza eta ikerketaren artean sinergiak batzea. Era berean, langileen parte hartzea handiagoa izan behar duela eta etengabeko heziketa behar dela xehatu du Ekonomia Sustapeneko diputatuak. Bide horretan, adibide gisa IMH zentroa jarri du.

Bukatzeko, Ainhoa Aizpuruk makina-erremintaren sektorearen jardunaren ardatzak azpimarratu ditu: nazioartekotzea, berrikuntza eta langileen kualifikazioa; hauei esker "lortuko baita garapena". Enpresek hiru puntu horien alde eman beharreko aurrerapausoetan Foru Aldundia laguntzeko beti hor egongo dela ziurtatu die.