Industria aurreratuaren eta nazioartekotzearen alde 2 milioi euro bideratu ditu Aldundiak

2016/04/26

Ekonomia Suspertzeko Planaren beste bi programa onartu ditu gaur Diputatuen Kontseiluak, hauetako bat berria delarik.

Diputatuen kontseiluaren ondoren eskainitako prentsaurrekoan, Gipuzkoako industria 4.0 indartzeko eta nazioartekotzea sustatzeko diru-laguntzen programak eta deialdiak iragarri dituzte Ainhoa Aizpuru Ekonomia Sustapena, Landa Ingurunea eta Lurralde Orekako diputatuak, eta Imanol Lasa foru bozeramaleak. Bi programa aurkeztu dira: "Gipuzkoa Industria 4.0: Produktuen eta zerbitzuen garapena" eta "Internazionalizazio Programa", eta hauetarako guztira 2 milioi euro bideratuko dira.

Ainhoa Aizpuruk Gipuzkoan industriak duen pisua gogora ekarri du, "arrastre ahalmena, aberastasuna eta enplegua sortzeko gaitasuna, eta nazioartekotzerako eta I+G+b-ren garapenerako palanka izateko ahalmena" duela adieraziz. Horregatik, legealdi honetan industria sektorearen aldeko ahalegin berezia egiten ari direla ziurtatu du: "Aldundiak industria aurreratu baten aldeko apustu irmoa egiten du, fabrikazio aurreratuago bateranzko bilakaera sustatuz, eraginkorragoa eta jasangarriagoa izan dadin, teknologia eta material berriak txertatu ditzan, eta aldi berean, berritzailea izan dadin diseinuan, komertzializazioan, negozio ereduetan edo kudeaketa sistemetan".

Bide horretan doa Gipuzkoako Foru Aldundiak martxan jarri duen "Gipuzkoa Industria 4.0: Produktuen eta zerbitzuen garapena" izeneko programa berria. Programa hau 700.000 euroko diru poltsarekin dago hornituta. Fabrikazio aurreratura eta industria 4.0ra bideratutako produktu, teknologia edo aplikazio berrien garapenera zuzendutako egitasmoa da. Proiektuek laguntza jaso dezaten 30.000 euroko aurrekontua izan behar dute, eta oinarri zientifiko eta teknologikoko enpresa berrien kasuan 15.000 eurokoa. Aizpuruk azaldu duenez, besteak beste ondorengo proiektuek laguntza jasotzeko aukera izango dute: ekoizpen prozesuaren kudeaketa eta kontrola, industria 4.0 produktuak, konektibitatea eta mugikortasuna, zibersegurtasuna, Big Data, Robotika aurreratua, Fabrikazio gehigarria eta 3D inprimaketa, Prozesu eta produktu trazaduren teknologiak, edota Sistema adimentsuak.

"Gero eta mundu globalizatuago batean bizi gara, testuingurua nazioartekoagoa eta konplexuagoa da, baina aukera berriak ere sortzen dira", baietsi du Aizpuruk. Enpresentzat zaila izaten da merkatuak ezagutzea eta geroz eta konplexuagoak diren eragiketa internazionaletan parte hartzea, haren arabera. Horren aurrean,  Aldundiak enplegua sortzen duten eta berrikuntza eta nazioartekotzean oinarritzen diren enpresa efikaz eta efizienteak sustatzea du helburu. Ainhoa Aizpuruk esan duenez, "garrantzitsua da Gipuzkoaren esportazio oinarria handitzea enpresek etorkizuna bermatuta izan dezaten". Enpresen arteko lankidetza ere bultzatu nahi da, jadanik atzerrian baliabideak dituzten enpresen eta merkatu horietara hurbildu nahi duten enpresen artean.

Lurraldeko enpresen nazioartekotzea sustatzeko "Internazionalizazio Programa" abian jartzea erabaki du Aldundiak, 1.300.000 euroko aurrekontuarekin. Bide honetan, Gipuzkoako Foru Aldundia, beste eragile eta erakundeekin elkarlanean ari da: Eusko Jaurlaritza eta Gipuzkoako Bazkundea besteak beste.

Internazionalizazioa sustatzeko definitu diren bi laguntza lerro eta programak ere aurkeztu ditu Aizpuruk. Bietatik lehena "Inter-Ezarpen" du izena eta Europar Batasunetik kanpo gauzatzeko produkzio ezarpenei eta komertzialei laguntzea du helburu. Enpresa ertain eta txikiek izango dute lehentasuna eta gehienez 100.000 euroko laguntza emango da proiektuko. Bestetik, "Inter-Produktu" izeneko programa, EBtik kanpo produktu berriak merkaturatzeko dago diseinatuta. Honetan ere enpresa ertain eta txikiek izango dute lehentasuna eta proiektu bakoitzeko gehienez 75.000 euro jaso dezaketela jakinarazi du Aizpuruk.