Laguntzaren FAQ

Gure diru laguntzetako bat eskatzeko orduan sor dakizkizukeen galderak.

Erantzunak orokorrak dira, eta eskaera egin duzun laguntza programen baldintza zehatzak aintzat hartu beharko dira. (Ikus laguntza programa bakoitzaren xehetasunak).

Hemen nahi duzun erantzuna aurkitzen ez baduzu edo zalantzarik baduzu, gurekin harremanetan jar zaitez, telefonoz zein e-mailez. (kudeatzaileak nor diren ikusi, programa bakoitzaren fitxan).

 

Nola egiten dira eskariak?

Programaren fitxa deskribatzailera hel daiteke aldundiaren web atariko diru laguntzen bilatzailetik, eta fitxa horrek sarbidea ematen du eskariak egitea eta behar den dokumentazioa gehitzea ahalbidetzen duen aplikaziora. Internet nabigatzaile bat besterik ez duzu behar.

Sinadura digitalik ez baduzu, eskatuko zaizu eskariaren frogagiri bat bidaltzea, eskuz sinatua. Eskariaren aplikazioak berak sortuko dizu frogagiria, hura inprimatu, sinatu eta posta arruntaz bidal dezazun.

Nork egin behar du eskaria?

Laguntza programa bakoitzean onuradun gisa identifikatutako pertsonek edo entitateek, eta betiere programaren helburuekin bat datozen proiektuetarako.

Adibidez: webguneak garatzeko laguntza programaren baitan, eskatzailea izan behar da webgunearen garapena kontratatu duen pertsona. IKT produktuak garatzeko laguntzei dagokienez, eskatzailea izango da produktua garatzen eta merkaturatzen duen IKT enpresa.

Zer behar dut eskaria egin ahal izateko?

Laguntza programa bakoitzera dokumentazio desberdina aurkeztu behar da. Proiektu zehatz bat izan behar du, memoria batean edo batzuetan azaldua, eta proiektu hori egingo duen hornitzaile baten aurrekontua ere behar da; hor adierazi beharko dira egin beharreko lanak, kostuak eta epeak. Ez da beharrezkoa proiektua hasita egotea.

Sektoreko enpresek IKT produktuak garatzeko ematen diren diru laguntzen kasuan, eskatzailea bera izan daiteke proiektua garatuko duena. Normalean, jada gauzatutako proiektuentzako laguntza eska daiteke, betiere programa iragarri den urtean berean egin badira. Kontu hori argitzeko, eta eskariak onartzen dituen aplikazioak zein dokumentazio eskatuko dizun jakiteko, irakur itzazu laguntza programa bakoitzaren xehetasunak.

Noiz egin behar dut eskaria?

Proiektua zehaztua duzunean. Normalean, jada gauzatutako proiektuentzako laguntza eska daiteke, betiere programa iragarri den urtean berean egin badira. (Kontu hori argitzeko, irakur itzazu laguntza programa bakoitzaren xehetasunak).

Kontuan izan ezazu, halaber, eskaria egiteko epeak ez direla oso luzeak izaten; ezin dira izan, laguntza programa gehienak bideratzeko prozedurak behartzen gaituelako eskari guztiak aintzat hartzera, horiei erantzun ahal izan aurretik. Aurrekontua proiektu onenei esleitzen zaie (programa bakoitzaren irizpide partikularren arabera, horien araudian adieraziak), eta beraz ezin diogu ezein eskariri erantzun eskariak egiteko epea amaitu aurretik.

Programaren baldintzak betetzeak esan nahi du laguntza jasoko dudala?

Ez. Normalean, gure Zuzendaritza Nagusiko laguntza programak lehiaketa bidez ebazten dira, hau da, eskari guztiak aintzat hartzen dira horietako ezeini erantzun aurretik. Aurrekontua proiektu onenei esleitzen zaie (programa bakoitzaren irizpide partikularren arabera, horien araudian adieraziak). Ezin diogu ezein eskariri erantzun guztiak jaso aurretik, hau da, ezin dugu erantzun eskariak egiteko epea amaitu aurretik. Horregatik, ezinbestean, eskariak aurkezteko epeak ezin dira luzeegiak izan.

Zein gastu dira diruz laguntzekoak?

Laguntza programa bakoitzaren araberakoa da hori.

Proiektu berarentzat diru laguntza bat baino gehiago eska dezaket?

Proiektuarentzat jada diru laguntza bat eman badizute, eskari berria egin aurretik egiazta ezazu bateraezintasunik ez dagoela.

Proiektuarentzat diru laguntzarik eman ez badizute eta zure ustez laguntza programa bat baino gehiagoren baldintzak betetzen badituzu, programa bakoitzean eskari bat egin ezazu. Gerora programa batean baino gehiagotan laguntza ematen badizute, baldintzetan ezartzen bada horiek bateraezinak direla, formalki uko egizu bateraezintasunean ez erortzeko, eta lehenbailehen egizu, funtsak behar bezala banatu ahal izan daitezen.

Laguntza minimis erakoa bada, egiazta ezazu zure enpresak proiektu honetarako edo beste batzuetarako azken urteetan jaso dituen minimis laguntzen guztizko zenbatekoa ez dela Europako Batzordeak baimendutakoa baino handiagoa. Eskatu duzun laguntza minimis den ala ez jakiteko, irakur ezazu programa bakoitzaren araudia.

Noiz eta nola ordaintzen da laguntza?

Laguntza eman izanaren jakinarazpena jasotzen baduzu, ikusiko duzu epe bat ematen zaizula proiektua gauzatzeko eta gauzatu izanaren froga aurkezteko. Proiektua gauzatu izana frogatzeko behar den dokumentazioa ere zehazten da; besteak beste, egindako lanaren memoria deskribatzailea, fakturak eta ordainketen frogagiriak izan ohi dira. Jada gauzatutako ordainketengatik soilik ematen dira laguntzak. Dokumentazioa aurkeztu aurretik, ordainketa guztiak egin itzazu.

Programaren fitxa deskribatzailera hel daiteke aldundiaren web atariko diru laguntzen bilatzailetik, eta fitxa horrek sarbidea ematen du ordainketa eskariak (proiektua gauzatu izanaren froga) egitea eta behar den dokumentazioa gehitzea ahalbidetzen duen aplikaziora.

Zertara behartzen nau diru laguntza bat jaso izanak?

Eskatzen zaizun informazioa ematera, laguntza programa hobeto egokitzearren programan bertan adierazitako helburuetara.

Beste laguntza batzuen berri ematera, enpresak jaso dituen eta eskatutako laguntzarekin bateraezinak badira edo Europako Batzordeak baimendutako minimis laguntzen muga gainditzen badute.

Euskararen erabilera bermatzera, diruz lagundutako jardueraren berri emateko orduan.

Eskatuz gero, diruz lagundutako proiektuari buruzko informazioa ematera, baliabide publikoen erabileran gardentasuna sustatzeko.

Oro har, Diru Laguntzei buruzko 3/2007 Foru Arauan eta diru laguntzen inguruan aplikagarria den gainerako arauetan izaera orokorrez ezarritako obligazioak betetzera.